2019-10-17

Ospitalean ala etxean erditu

Irakurri hurrengo testua eta eman zure iritzia:

Joan den urtarrilaren 23an etxean erditzen ari zela hil zen Caroline Lowell australiarra. Etxean erditzearen aldeko ekintzailea zen Lowell, eta bihotzekoak emanda hil zen. Heriotza horrek etxean erditzearen inguruko eztabaida piztu du berriz ere. Segurua da etxean erditzea? Zer ezberdintasun dago etxean edo ospitalean erditzearen artean? Galdera horiei erantzun nahian jo dugu David Moreno emaginarengana eta Paloma Martinez etxean erditu zen amarengana. Etxean erditzearen alderdi positiboagoa erakutsi digute biek.


David Moreno emaginak zazpi bat urte daramatza etxean erditu nahi duten emakumeei laguntzen, eta dagoeneko 100 erditze baino gehiago artatu ditu. Morenok dio arriskua “oso subjektiboa” dela: “Profesionalok ez dugu neurtzen arriskua jendeak uste duenaren arabera. Orain jendeak sentsazioa du arriskutsua dela Australian hil den emakumeagatik. Guk datuetan begiratzen dugu, ikerketetan eta argitaratutako artikuluetan. Gaur egun daukagun informazioaren arabera, ospitalean erditzea bezain segurua da etxean erditzea, betiere baldintza batzuk betez gero”.  

Baldintza batzuk beteta
Etxean erditzeko, lau baldintza edo betebehar daudela zehaztu digu Moreno emaginak:
1.    Zalantzarik gabe. Bikoteak oso argi eduki behar du umea etxean izan nahi duela; zalantza-zantzurik ikusiz gero, emaginek atzera bota dezakete eskakizuna.
2.    Ospitaletik gertu. Etxeak, gehienez, ospitaletik 45 minutura egon behar du.
3.    Arriskurik ez. Konplikaziorik egon daitekeela aurreikusten badute, eskaria ez da onartzen. Amak ez du osasun-arazorik izan behar, esaterako, tentsio altua edo diabetesa. Umeak, bestalde, osasuntsu eta ondo kokatuta egon behar du. Bikien haurdunaldiak ere ez dituzte onartzen emaginek.
4.    Profesionalek lagunduta. Emakumearen etxean profesionalek egon behar dute.

Baldintza horiek guztiak betetzen zituelako, Paloma Martinez aretxabaletarrak etxean izan zuen bigarren erditzea, 2009ko martxoan. Lehenengo umea, Maia, Arrasateko ospitalean jaio zen, eta haren nebak, Sirok, etxean ikusi zuen argia. Maiaren erditzean arazorik ez zela egon azaldu digu Martinezek, baina egon zirela gustatu ez zitzaizkion zenbait kontu: “Ospitalera sartu eta lehenengo orratz bat sartu zidaten besoan; orratzak ez zaizkit batere gustatzen. Gehiegi aztertu ninduten, eta niri ez zait gustatzen beste pertsona batek hainbeste ukitu eta begiratzea. Nik nahi ez banuen ere, anestesia jarri zidaten. Nire gorputzarentzat gogorra izan zen hori. Azken mementoan etorri zen ginekologoa, eta oso gogor bultzatu zion Maiari. Gainera, emaginak ebaki bat egin zidan baginan; gaur egun beharrezkoa baldin bada bakarrik egiten dute hori”. Horrelaxe kontatu digu Palomak ospitalean erditzean izan zuen esperientzia.

Erditze berezia
Maia jaio ostean, garbi zuen hurrengo erditzea etxean izango zuela, eta halaxe jaio zen Siro semea: “Erditze luzea izan zen, baina oso erosoa, presarik gabe. Memento batzuetan lo egiteko aukera eta guzti izan nuen. Ospitalean hori ez da posible, baina zure etxean lasai egon zaitezke ohean”.

Memento hunkigarriak bizi izan zituzten Paloma Martinezek eta haren senarrak erditzean: “Sirok bere burua atera zuenean, emaginak ispilu bat jarri zuen nik ikusi nezan. Memento horretan oso nekatuta nengoen, baina nire semearen burua ikusteak indarra eman zidan erditzeko. Haurra jaiotzean, nire senarra izan zen lehenengoa umea hartzen. Oso esperientzia polita izan zen berarentzat. Berak ekarri zidan semea besoetara eta berezia izan zen”.

Moreno emaginaren arabera, etxeko erditzeak era naturalean izan daitezen ahalegintzen dira: “Profesionalok gutxiago esku-hartzen dugu etxeko erditzeetan, ahalik eta erditze naturalena izaten da. Ospitaleetan esku-hartzea handiegia izaten da gehienetan, Osasunaren Mundu Erakundeak edo kolegio profesionalen gomendioek diotena baino handiagoa”.

Emagin gutxi
Morenok esan digunez, geroz eta gehiago dira etxean erditu nahi duten emakumeak, baina ez dago horientzat guztientzat emaginik: “Duela bost urteko emagin-kopuru bera dago, nahiz eta etxean erditu nahi dutenen kopurua igo. Euskadin, azken urteotan, etxean erditzen laguntzen duten emaginen kopurua mantendu edo gutxitu egin da”. Osakidetzak ez du etxean erditzeko zerbitzurik ematen, eta modu pribatuan jarduten dute emaginek. Hala ere, adierazi digu araututa dagoen beste herrialde batzuetako estandarrak jarraitzen dituztela etxean erditzen laguntzeko: “Hemen ez dago araututa, baina jarraitzen ditugu beste herrialde batzuetako estandarrak: Britainia Handia, Alemania, Danimarka, Kanada, Herbehereak... Hemen ez da ilegala, baina ez dago araututa. Eta horrez gain, gobernuak ez du batere bultzatzen, ezta diruz lagundu ere”.
Hala, emakumeek ekimen propioz jotzen dute emagin hauengana. Gehienetan, etxean erditu den norbait ezagutzen dutelako, edo gai honi buruzko informazioa bilatu dutelako.

Paloma Martinezek ere bere kabuz jo zuen emaginarengana etxean erditzen laguntzeko, eta ez du damurik. Dena den, ez du uste edozein emakumek egin dezakeenik: “Lehen umearekin ez nuke egingo, ez duzulako erditze baten esperientziarik, baina ospitalean anestesiarik gabe erditu duten emakumeak animatuko nituzke hurrengo erditzea etxean izatera”.

                                                                                                                    Iturria: Ikasbil