2013-12-01

Liburu baten gomendioa

Gaur goizean, Alde zaharrean dagoen liburutegi honetara, DBHko 4.mailan dauden  bi ikasle  hurbildu zaizkit irakur-liburu baten bila. Harrigarria egin zait galdera:"Irakur-liburu bat aukeratu behar dugu, baina ez dakigu zein, lagunduko zeniguke?

Momentu horretan hainbat liburu etorri zaizkit burura baina gero, DBHko ikasleak zirela gogoratu dut eta hasiera batean burura etorri zaizkidanak, zokoratu ditut eta pentsatu dut, zer da ikasle hauek eskatzen dabiltzana? Segundu batean, neure buruari erantzun diot: Orri gutxi dauzkan liburua, letra tamaina handia duena eta ahal bada, merkea.

Hiru baldintza hauek kontuan hartuta, nerabeentzako liburuak dauden aldera eraman ditut eta hurrengo biak proposatu dizkiet:

- Patxi Zubizarretaren Emakume sugearen misterioa  eta
- Fernando Morilloren  Izar Malkoak

Ikasleei biak hurbildu dizkiedanean, nire susmoak bete dira. Letra handia zeukaten ikusten ari ziren eta noski, bien artean, motzena aukeratu dute: Zubizarretarena.

Momentu horretan haietako batek galdetu dit ea hau, letra handia eta laburrera izanagatik, dibertigarria izango zen. Nik erantzun diot dibertigarria baino, misteriozkoa dela eta batez ere, hori dela adin horrekin gehien gustatzen zaiena.

Elkarri begiratu eta gero, bizi-aurpegia zuenak beste galdera bat egin dit: "zeri buruzkoa da?". Errepikatu diet misteriozko liburu bat zela eta argudioa argitzen banien, orduan ez zutela gustura irakurriko; hala ere, eta oraindik aukeratu gabe zutenez, nolabaiteko laburpena egin diet: 

Herri txiki batera zirku bat heltzen da. Zirku horrek ikuskizun berezia darama eta herri osoak jakinmin handia dauka. Ikuskizun berezi horren protagonistak misterio bat gordetzen du liburuaren amaieran argituko dena.


Momentu horretan ea bi liburu nituen galdetu didate eta
hainbat ale neuzkala erantzun diedanean, bi hartu eta
ospa egin dute eskerrak emanez.

Espero dut haien gustukoa izatea eta batez ere, berarekin 
gozatzea.