Gaur goizean, Alde zaharrean dagoen liburutegi honetara, DBHko 4.mailan dauden bi ikasle hurbildu zaizkit irakur-liburu baten bila. Harrigarria egin zait galdera:"Irakur-liburu bat aukeratu behar dugu, baina ez dakigu zein, lagunduko zeniguke?
Momentu horretan hainbat liburu etorri zaizkit burura baina gero, DBHko ikasleak zirela gogoratu dut eta hasiera batean burura etorri zaizkidanak, zokoratu ditut eta pentsatu dut, zer da ikasle hauek eskatzen dabiltzana? Segundu batean, neure buruari erantzun diot: Orri gutxi dauzkan liburua, letra tamaina handia duena eta ahal bada, merkea.
Hiru baldintza hauek kontuan hartuta, nerabeentzako liburuak dauden aldera eraman ditut eta hurrengo biak proposatu dizkiet:
- Patxi Zubizarretaren Emakume sugearen misterioa eta
- Fernando Morilloren Izar Malkoak
Ikasleei biak hurbildu dizkiedanean, nire susmoak bete dira. Letra handia zeukaten ikusten ari ziren eta noski, bien artean, motzena aukeratu dute: Zubizarretarena.
Momentu horretan haietako batek galdetu dit ea hau, letra handia eta laburrera izanagatik, dibertigarria izango zen. Nik erantzun diot dibertigarria baino, misteriozkoa dela eta batez ere, hori dela adin horrekin gehien gustatzen zaiena.
Elkarri begiratu eta gero, bizi-aurpegia zuenak beste galdera bat egin dit: "zeri buruzkoa da?". Errepikatu diet misteriozko liburu bat zela eta argudioa argitzen banien, orduan ez zutela gustura irakurriko; hala ere, eta oraindik aukeratu gabe zutenez, nolabaiteko laburpena egin diet:
Herri txiki batera zirku bat heltzen da. Zirku horrek ikuskizun berezia darama eta herri osoak jakinmin handia dauka. Ikuskizun berezi horren protagonistak misterio bat gordetzen du liburuaren amaieran argituko dena.
Momentu horretan ea bi liburu nituen galdetu didate eta
hainbat ale neuzkala erantzun diedanean, bi hartu eta
ospa egin dute eskerrak emanez.
Espero dut haien gustukoa izatea eta batez ere, berarekin
gozatzea.
Bitxiak ikasleen galderak! Ze aldeak dauden irakurzaletasunean adin horretan! Batzuk ehunka orrialdeko liburuak bata bestearen atzean irakurtzen dabiltza eta beste batzuk, zenbat eta laburrago hobe!
ErantzunEzabatuJoe, konta ea azkenean gustatu zaizkien liburu horiek! Eskerrik asko zure bizipen hau partekatzeagatik!
Asmatuko zenuenez, sarrera honetan fikzioa eta errealitatea nahastuta daude. Nik agintzen ditudanak gustatzen zaizkien...? denetarik dago. Argi dago behartuta irakurtzen denean eta ikasgai bakoitzeko hainbat liburu irakurri behar dutenean, ez dutela gogoz egiten.
ErantzunEzabatuGuztiok pasa gara institututik eta badakigu zertaz ari garen. Dena den, ikasle gehienen gustuko liburuak ez agindu arren, ziur nago baten batek gustura irakurtzen dituela. Gainera, agintzen ditudan liburu guztiak, aldez aurretik irakurtzen ditut ea egokiak diren ikusteko. Irakasle guztiok hori egingo bagenu...agian beste kuku batek joko luke.